jueves, 18 de marzo de 2010

Iñaki Unzalu, adiorik ez

Urnietako kirola eta kirol taldeko kideak atsekabeturik aurkitzen gara, aurreko ostiralean, Iñaki Unzaluk agur esan baitzigun. Laneko istripu batean bizia galdu du taldekideak. Iñakik palan jokatzen zuen Urnietako Kirol Elkartea taldean.

Familiari eta gertukoei, atsekabearen aurrean, doluminak eta besarkada bero bat bidaltzen dizkiegu UKE Urnietako Kirol Elkartearen partetik. Goian bego Iñaki! Ez zaitugu ahaztuko!”. Ez da batere ohikoa horrelako oharrik jasotzea kirol taldeen aldetik. Zorigaitza, ordea, kirol mundura ere iritsi da.

Iñaki Unzalu 47 urteko pilotaria Intxaurrondon bizi zen, sortzez Bizkaiko Ubidea herrikoa. Prestutasun handia erakutsi ohi zuen pilotalekura heltzean, pertsona oso lagunkoia zen bera. Lehendik ere pilota munduan ibilitako kirolaria izan zen Iñaki, eta hirugarren denboraldia zeraman UKErekin jokatzen. Pala motzean eta larruzko paletako jardueretan aritu zen azken urte hauetan, beste hiru taldekiderekin batera.

Azken partida duela hiru aste jokatu zuen, Altzatarren aurka. Txema Gonzalez UKEko pilota arduradunaren arabera, “Urnietara jokatzera etorri aurretik, kirol honetan aritua zen Iñaki, horrek aurrean eta atzean ongi moldatzeko trebezia eman zion. Kirolari moldaerraza zen frontoian”.

“Ustekabe handiz” jaso zuten berria UKEn, “inpotentzia handia sentitzen da horrelako albistea jasotzean”.

Borja Fernandezek taldekide eta lagun zuen Iñaki Unzalu. ”Kirolari bezala, fisikoki oso ongi aurkitzen zen, kirolari osoa zen. Taldekide bezala, lagun handia izan zen pilotan gabiltzan guztiontzat. Albistea jasotzean, ez genuen sinestu ere egiten. Lagun alai eta on bat galdu dugu guztiok, inoiz ezabatuko ez duen arrastoa utzi du guregan. Pena bakarra, agur esan ezin izana da”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario