jueves, 18 de marzo de 2010

Miren Goikoetxea Ugalde urnietarra Euskal Herriko txapelduna palan

Miren Goikoetxea Ugalde urnietarra Euskal Herriko txapelduna da palan 14 urterekin. Seniorretako bigarren mailan jokatzen du gazteak. Hernaniko taldearekin entrenatzen da.
Eli Gutierrez izan da Euskal Herriko Txapelketako txapela etxeratzeko bikote lanetan aritu dena Mirenekin. Irurako trinketean topatu dugu prestaketa lanak hasi aurretik.

Noiztik jokatzen duzu trinketean?
M.G: Txikitatik izan dut kirola gustuko. Duela urte dezente futbolean aritu nintzen, ondoren frontoira gerturatu eta palan jokatzen hasi nintzen. Kirola betidanik izan dut gustuko.

Urnietarra izanik, zer dela eta jokatzen duzu Hernaniko taldearekin?
M.G: Ni jokatzen hasi nintzen garaian Urnietan ez zegoen talderik osatuta. Bestetik, Hernanin lagunak ere banituen eta gertuen zegoen taldea izanik, bertan hasi nintzen.

Astean zenbat alditan elkartzen zarete Hernanin entrenamenduetarako?
M.G:Astean 2 edo 3 alditan entrenatzen dugu. Horretaz gain, asteburuetan partidak izaten ditugu.

Euskal Herriko Txapeldun zaitugu palan, zer moduz ikusi zenuen zure burua finalean?
M.G: Finala erraz irabaztea lortu genuen. 30–14 izan zen azken emaitza. Urduritasuna bagenuen, baina ez zen lan zaila izan.

Zer moduz ibili zarete txapelketa osoan zehar?
M.G: Gustura jokatu dugu txapelketa osoan. Lehia guztiak erraz irabazi ditugu, ez dugu inongo arazorik izan.

Txapelketa hau amaituta, zer asmorekin zabiltzate? Ba al duzue beste txapelketarik jarraian?
M.G: Momentu honetan bi txapelketa ari gara jokatzen trinketean. Batetik grounda eta bestetik Gipuzkoako Txapelketa.
Euskal Herriko txapeldun izendatuta, zein asmo duzue aurrera begira?
M.G: Betiko eran entrenatzen jarraituko dut. Txapelketa hori irabazita gogo berdinarekin edo gehiagorekin jarraituko dut jokatzen.
Nola ikusten duzu nesken kirola?
M.G: Nesken kasuan kiroletik bizitzea oso zaila da, baina frontoira etorritakoan nire asmoa ongi pasatzea izaten da. Ez dut honetatik bizitzea espero, bizitza profesionala eta kirola uztartzea edo bat izatea oso zaila da emakumeon kasuan.


Zorionak Miren eta jarraitu horrela!

No hay comentarios:

Publicar un comentario