jueves, 18 de febrero de 2010

Ahetze Etxeberria eta Unai Arozena Urnietako pilotariak, elkarrizketa

Urnietan zaletasun handia dago frontoirako. Gazte-gaztetatik gogotsu hasten dira frontisarekin borrokan. Ahetze Etxeberria eta Unai Arozena ere frontoian daude, bergararren aurka jokatzeko eskuetan takoak jartzen. 17 urte egin berri ditu batek eta egiteko dago bigarrena, jubenilen mailan dihardute pilotan. Ahetze aurrealdean ari da jokatzen azken aldian eta frontoiaren atzeko pilotakadak Unaiek defendatzen ditu.

Zer moduz daramatzazue aurtengo pilota txapelketak?
U.A: Beno, hasieran ederki, partida gehienak irabazten hasi ginen. Izan ere, garai horretan maila baxuagoan aritzen ginen, baina momentu honetan maila altuagoan ari gara jokatzen. Ahal duguna egiten dugu eta nahiko ongi ari garela moldatzen esango nuke.
A.E: Pilotak ere oso desberdinak dira, aurrekoetatik diferentzia handia dago eta oraindik ohitu gabe gaude akaso, baina hor gabiltza.

Momentu honetan, zein txapelketatan ari zarete jokatzen?
A.E: Batetik Udaberriko txapelketan ari gara, eta horrez gain trinketean ere ari gara.
Aurreko asteburuan bi partida jokatu zenituzten, lehena Hondarribian, 14an galduaz. Zer moduz sentitu zineten, partida ederra izan omen zen…
U.A: Bai, aurrelaria oso ona zen eta nahikoa egin genuen baina galtzea egokitu zitzaigun. Larunbatean ere ezin izan genuen irabazi.

Larunbatean berriz, trinketean aritu zineten bikote faboritoenaren aurka. Partida gogorra izan al zen?
U.A: Hura ere galdu egin behar izan genuen. Partida ongi hasi genuen baina bukaera txarra eman genion, ezin izan genuen irabazi.
A.E: Bai, Astigarrakoek beti maila ona ematen dute trinketean, normalean ongi moldatzen dira eta erraz hartu ziguten aurre.

Segidan, 20:15ean beste partida bat izango duzue bergararren aurka. Irabazteko partida?
A.E: Ez dugu sekula bikote honen aurka jokatzeko aukerarik izan, ikusiko dugu zer egiten dugun.

No hay comentarios:

Publicar un comentario